Udaberriaren eragina

Udaberriaren etorrerak pertsona askorengan emozio eta sentsazio positiboak ekartzen ditu.  Urtaro berri honen etorrerarekin batera gure itxura pertsonalari erreparatzen diogun moduan, etxeak ere badu zeresana.

Atal honetan, udaberria eta eguraldi onaren etorrerarekin batera gure etxeari buelta bat ematearen garrantziaz solasean jardungo gara.

Hasteko, udaberriak gure aldartean eta ongizatean eragiteko dituen arrazoietako batzuk argituko ditugu;

Berpizkundea eta gaztetzea

Neguko hilabete hotz eta ilunen ondoren, udaberriak berpizkunde eta gaztetze sentsazioa dakar. Natura berpiztu egiten da, zuhaitzetan hosto berriak sortu, loreak loratu eta soroak bizitzaz betetzen dira. Hazkunde eta berrikuntza eztanda horrek itxaropen, baikortasun eta positibotasun sentimenduak eragin ditzake gugan.

Eguzki argiarekiko espozizio handiagoa

Udaberriaren etorrerarekin batera, egunak luzatu egiten dira eta eguzki argiaren eremua handitu egiten da.  Argi naturalaren eraginpean egoteak eragin positiboa izan dezake gure aldartean eta loaren zikloan, zoriontasunaren hormona bezala ezagutzen den serotoninaren ekoizpena erregulatzen laguntzen baitu.

Aldaketak jarduera eta errutinetan

Klima beroago eta atseginagoarekin, aire zabalean denbora gehiago pasatzeko joera izaten dugu; ibilaldietan, kirol desberdinak eginez edota naturaz gozatzeko ekintzetan parte hartuz. Jarduera horiek oso onuragarriak izan daitezke gure osasun mentalerako eta emozionalerako. Naturarekin konektatzeko, estresa murrizteko eta gure ongizate orokorra handitzeko aukera ematen baitigute.

Udaberriko kolore eta usain gozoak

Udaberriarekin lotutako koloreek eta usain freskoek, hala nola hosto berrien berde distiratsuak, loretan aurkitzen diren gereziondoen arrosa koloreak edo belar ebaki berriaren usain freskoak, gure zentzumenak estimulatu eta alaitasun eta bizitasun sentsazioak sor ditzakete.

Hasiera berri baterako prestaketa

Udaberria hasiera eta aukera berrien garaia izan ohi da sarritan. Helburu eta proiektu pertsonalak eta profesionalak planteatzeko unea, indarberrituta, gure helburuak lortzeko eta energiaz beteta sentitzeko.

Argi daukagu udaberriak ongi sentiarazteko eta gure ongizatea indartzeko baliabideak dituela. Gure helburua, positibotasun honi ahalik eta etekin handiena ateratzea da eta honetarako, udaberriaren energía etxeko txoko desberdinetan islatzeko trikimailuak azalduko dizkizugu.

Egongelan

Erabili kolore argi eta distiratsuak paretetan eta altzarietan, zabaltasun eta argitasun sentsazioa sortzeko.

Sartu kuxinak eta mantak lore-estanpatuekin edo motibo naturalekin, zure sofa eta besaulkiei udaberri ukitu bat gehitzeko.

Jarri barruko landareak dekorazio ukituaz janzten duten loreontzietan, txoko estrategikoetaz baliatuz, espazioari bizia eta kolorea emango diete.

Aprobetxatu argi naturala egunez gortinak eta pertsianak irekiz, ipini ispiluak hormetan argia islatzeko eta espazioa handiagoa sentiarazteko.

Logeletan

Aukeratu oheko arropa kolore leunetan, lore-estanpatuetan edo naturan inspiratuta, udaberriko giro lasaigarria sortzeko.

Jarri barruko landareak leiho-ertzean edo gau-mahaitxoetan, espazioari freskotasuna eta bizitasuna eransteko.

Erantsi kolore ukituak kuxin, alfonbra eta gortinekin, logelako kolore paleta osatzeko.

Tokia izanez gero, irakurketa-txoko bat sor dezakezu, erlaxazio eta lasaitasun uneez gozatzeko,

aulki eroso bat, zutikako lanpara eta barruko landare batekin.

Sukaldean

Apaindu zure sukaldea landare aromatikoekin, hala nola albaka, menda belarra, perrexila, ezkaia… kolorea eta freskotasuna gehitzeaz gain, zure platerei aroma eta zaporea emango diezu.

Erabili beirazko edo zeramikazko lorontziak lore freskoekin mahaia edo gainaldea apaintzeko eta udaberriko ukitu bat gehitzeko.

Jarri mahai-zapi, mantalak eta sukaldeko oihalak kolore distiratsu edota lore-estanpatuetan espazioa alaituz janaria prestatzea dibertigarriagoa izan dadin.

Erantsi xehetasun dekoratiboak, hala nola koadroak, apalategiak, zintzilikari xumeak edo zurezko apalak, sukaldeko tresnak erakusteko eta etxe giro atsegina sortzeko.

Bainu gelan

Jolastu kolore argiko eskuoihal, lore-estanpatu edo motibo naturalekin zure bainuari udaberri-ukitu bat gehitzeko.

Hezetasuna ongi jasaten duten barneko landareak ipini ditzakezu, hala nola iratzeak, banbua edo bakearen liliak, airea garbitzeko eta espazioari freskotasuna gehitzeko.

Gehitu usain freskoekin eta loreekin lurrindutako kandelak, zure erlaxazio momentuetan giro lasaigarria eta sentsoriala sortzeko.

Antolatu bainu zein norbera zaintzeko produktuak zumezko saskietan edo erretiluetan, espazioari ukitu natural eta ordenatua emateko.

Hauek dituzu udaberrian zure etxeko gela ezberdinetan giro fresko eta dizdiratsuak sortzeko ideia batzuk. Zure etxea udaberriko oasi bihurtzeko inspirazioa emango dizutela espero dugu, berrituta eta biziberrituta sentiarazi zaitzaten!

Atal hau gustokoa izan duzulakoan iritsi gara amaierara, guk adina gozatu duzula espero dugu eta zure iritzia eta iradokizunak partekatzera animatzen zaitugu. Atsegin handiz jasoko ditugu zure ekarpenak gai honen inguruan.

Etxerako dekorazio edo barne diseinuaren inguruan ideiaren bati bueltaka ari bazara, jarri zaitez gurekin kontaktuan eta atsegin handiz lagunduko dizugu zure proiektua bideratzen.

Mila esker zure denbora eskeintzeagatik eta…

“Udaberriaren freskotasunak eta bizitasunak inspiratu dezatela zure etxeko txoko bakoitza”

 

 

 

 

 

 

 

Loturak